Atal honetan interesdun artikuluak, elkarrizketak, aholkuak eta bestelakoak jarriko ditugu. Zure gustokoak izatea espero dugu.
Aste honetan Irunek, Gipuzkoak, C.D.BIDASOA merezi duen lekuan berrikusteko aukera du.
Urteak igaro dira iada, 1998tik C.D.Bidasoarekin elkarlanari hasiera eman nionetik. Oso urte bereziak izan ziren, fisioterapeuta moduan formatzen jarraitzeko baliagarriak izateaz gain, eskubaloia barrutik ezagutzeko aukera eman zidatenak. Urte horietan Bidasoak Asobal ligan postu on bat lortzeko eta Europan paper ona egiteko borrokatzen zuen. 2000/2001 denboraldian bizi izan genuen balentriarik haundiena, EHFko finalaurrekoetara iritsirik.
Bidasoan bizitako 8 urteetan arrakasta eta porrota, poza eta tristura, oihuak eta isiluneak, garaipenak, autobuseko ordu pila, gehienak potxara jokatuz, lesioak, errekuperazioak, irriparrak, negarrak, ardura, leialtasuna, ilusioa, bi kolore maiuskulatan idatziak HORIA eta URDINA, ereserki bat "cantemos unidos el himno del bidasoaaaa", lan isileko ordu mordoa, beti esker oneko hitz zein momentu esanguratsuetan begirada edo keinu batekin ordainduak, itxaropenak, esperantzak, konplizitate, ongietorri zein agurrak, itzulerak, buka ezineko sentimendu jarioa, baina guztien gainetik PERTSONAK. Denborak eta distantziak urrundu gaituen harren betirako hor daudenak. Zerrenda buka ezina izango zelakoan, ez dut inor konkretuki aipatzerik nahi, baina zuek badakizute. Jokalariak, zuzendariak, teknikoak, ausiliarrak, kideak, zaletuak, hau da Bidasoako famili osoa.
Guzti guztiei, nere bizitzako fase zirraratsu hau bizitzeko aukera emateagatik, eskerrak eman nahi dizkizuet. Biba zuek eta Gora Bidasoa!!!
Asteburu honetan Bidasoak Asobal ligarako igoera Play-offa jokatzen du, inoiz galdu behar ez zuen lekua berreskuratzeko asmoz. Lerro hauek baliatu nahi ditut sentimendu hauekin bat egin zenuten, egiten duzuen edo egingo duzutenoi Artalekura gerturatzeko gonbitea helarazteko. Guztion artean bultza dezagun Bidasoa merezi duen lekura.
Aukera hau ere Julen Aginagalde zoriontzeko aprobetxatu nahiko nuke. Kielce taldearekin Europako txapeldun eta bideo honetan ikusten den bezala garaipenaren gola sartzeagatik.
Nola ez aipatu Bera Berak lortutako garaipen hirukoitza eta Alex Nogués bidasoatar ohiak zuzentzen duen Tolosaren igoera.
Zorionak guztiei.