Jakinarazten dizugu

Atal honetan interesdun artikuluak, elkarrizketak, aholkuak eta bestelakoak jarriko ditugu. Zure gustokoak izatea espero dugu.

 Oin diabetikoaren zainketa

Beste behin, Nagore Francoren artikulu hau aurkezten dizuegu, ohiko gaitza den eta antzemate zaileko oin diabetikoari buruzkoa. Informazio gehiagorako zalantzarik ez izan eta OINEZPODOLOGIArekin kontaktuan jarri.

Oinetan arazoak ditugunean, batzuetan zaila egiten zaigu imajinatzea arrazoiak gaur egun oso ezaguna den beste gaitz batekin lotura izan dezakeela, diabetesa. Gaixo diabetiko guztiek ez dituzte podologook deitzen dugun "oin diabetikoaren" sintomak azaltzen. Odolaren glukosaren mailari dagokionez deskontrolatuago dabiltzanek soilik izango dute jasateko aukerarik. Min honen sintoma neuropatiko (nerbio sistemari lotuak) berezkoenak hauek dira: esku eta oinetan sentsibilitate falta, bero-hotz sentsazioa galtzea, inurridura edo bihotzerre sentsazioa, ahuldadea eta muskulu arranpa. Bi faktore hauek azaltzen badira, glukosa deskontrolatua eta sintoma neuropatikoak, eta gainera hanken eta oinen zirkulazio arazoak, zauriak edo larritasun maila handi edo txikiko ultzerak gara ditzakegu. Hona hemen azken arazo hauek saihesten lagunduko dizueten zenbait aholku: 1) Oinak egunero xaboi neutroz garbitu behar dira, uraren tenperatura 30ºC baino gutxiagokoa izan dadila eta 10 minutu baino gutxiagoz, uretan gehiegi uztea ekiditeko eta ondoren komenigarria da oso ondo lehortzea behatzen tarteak eta euren izurrak. 2) Oin osoari krema hidratatzailez masajea eman behatz tarteetan gehiegikeria saihestuz. 3) Ez utzi azkazalak gehiegi luzatzen eta mozteko guraize punta kamutsekoak erabili. Mozketak beti zuzena izan behar du, forma karratukoa eta ertzak berdinduak. 4) Egunero orpoa, alboak eta oinazpia begiratu, ispilu bat erabiliz behar izanez gero, babak, zauriak, edo bestelako kalterik dagoen ikusteko. 5) Debekatuta oinutsik ibiltzea, bai etxean, bai kanpoan. Sentsibilitate faltak lurrean dauden gauza kaltegarriak ez sumatzea eragin baitezake eta kotoizko galtzerdiak erabili, estutzen ez duten eta airea pasatzen uzten duten pantyak erabil daitezke. 6) Zapatak jantzi baino lehen barnealdea begiratu ea gure oina kaltetu dezakeen zertxobait sartu zaigun. 7) Maskurren autozainketa debekatuta eta, batez ere, ez erabili inoiz maskurren kontrako gailurik edo xaflarik eta esparatrapu hipoalergikoak erabili. 8) Eta zauriren bat baldin badugu, kalte handiagoren bat ekiditeko, espezialistarenera joatea gomendagarria da. Beste gauza askotarako bezala, arazo hauen agerpenaren arriskua gutxitzeko modurik onena maiztasunez sendagilearenera joatea da, kontrol metaboliko ona izateko, elikadura osasuntsua eta orekatua izatea, egunero ariketa fisikoa egitea eta ohitura toxikoak uztea. Hurrengoan beste podo-aholku bat!